XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Getariako harmarria. Balearen garrantzia 7. Euskaldunak itsasoan Erdi Haroan

Euskaldunak itsasgizon trebe eta prestu izena izan du beti.

Itsasoko lan guztietan ere oso iaio agertu izan da: arrantzoan, eraman-ekarrian, komertzioan, gudaketan, piraterian, untzigintzan.

a) Arrantzaleak Arrantzoa aspaldidanik zen ezaguna euskaldunen artean.

Baina balearen arrantzoan nabarmendu ziren, batez ere.

Uste denez, euskaldunek normandoengandik ikasi zuten nola ur haunditan (kostatik urrun) ibiltzea hala balearen arrantzoa, haiek IX. menderako harrapatzen baitzituzten.

Ez dakigu zihur X. mendean halako arrantzorik bazen ala ez.

Datorik zihurrenak XIII. eta XIV mendeetan hasten dira.

1281ean bale-haragi ugari saltzen omen zen Donibane Lohitzun, Ziburu eta Baionako merkatuetan.

200 toneladako baleak harrapatzeraino heldu omen ziren orduan euskal arrantzaleak.

Baleak diru asko egiten zuen.

Balearen zati bat, burutik buztanerainoko bizkar-zatia erregeri eman behar zitzaion, Zarauzko foruak 1237an dionenez.

Beste zati bat elizari eman ohi zioten.

Baleagandik gauza asko ateratzen zen: haragia, gantzak olioa egiteko, hezurrak....

Milaka arrantzale bizi zen balearen arrantzatik batez ere.

Balea negu eta udaberri bitartean atzeman ohi zuten, hots, Kantauri itsasora jaisten zirenean.

Atalaiak jarriak zituzten Ulian, Getariako San Anton haitz gainean, Bermeon, Donibane Lohitzunen, Getarin....

Eta su handiak biztuz adierazten zuten atalaiariek balea zebilela inguru haietan.

Kanpaiak eta danborra jo ohi ziren orduan.

Ehunka txalupa irteten zen, Ama Birjinari laguntza eskatu ondoren, lan beldurgarri eta gogor hartara.

Sesio eta istilu gogorrak ere izan ziren portu bateko eta besteko arrantzaleen artean, ea nork ikusi, nork zauritu lehenik eta nork hil zuen.

XVI. mendearen haseran, Andrea Navagiero italiarrak aipatu zuen luze-zabal euskaldunen arrantzo hau.

Terranovan eta Islandian ere ibili ziren euskaldunak balearen eske.

Poliki-poliki urrituz zihoan balea gure itsasoetan.

Horregatik abiatu ziren euskaldunak itsaso handietara balearen bila.

Untziak handiagoak eta bereziak ohi ziren.

Balearen ondoren, euskaldunak Ipar Amerikako Terranovara heldu ziren 1372an eta Islandiara 1412an.

Bilbaotik untzi asko abiatzen zen balearen bila.

Eta balea ez ezik, makailoa ere eriden zuten.

XVI. mendean jo zuen arrantzo honek bere gailurra.

Dinamarkako errege Christian IV.arekin balea harrapatzeko itunak egiteraino heldu ziren euskaldunak.

Geroztik, ingelesek eta holandesek ere ikasi zituzten balea harrapatzeko teknikak (1612an Inglaterrako erregek euskal arpoilari batzuk deitu zituen, ingelesei horren teknika irakats ziezaieten).

Maiz ingelesak euskaldunen aurka jarri izan ziren.

XVII. mende inguruan, Martin Sopite, Ziburuko kapitain batek asmatu zuen balearen gantza untzian bertan urtu eta kupeletan gordetzeko teknika; beste askotan portura heltzerako usteldu egiten baitzitzaien.